2017(e)ko urriaren 29(a), igandea

Lehen munduko luxuak

Lehen munduko luxuak
Definizioa
Lehen mundua giza garapenaren maila altua lortu duten herrialdeak dira. Herrialde horiek bizi maila altu bat gozatzen dute, aberastasunaren banaketa onari, osasun zerbitzu egokiei, bizi itxaropen handiari eta zerbitzuen kalitateari esker. Lehen mundukoak diren herrialdeek erakunde demokratiko sendoak izan ohi dituzte. XX. mendeko Gerra Hotza izenekoan sortutako terminoa da, eta Bigarren Mundua orduan SESBek zuzendutako bloke komunistak osatutako blokea zen.
Gaur egungo sailkapena duala izango zen, Lehen Mundua alde batetik eta Hirugarren Mundua bestetik, herrialde txiro, azpigaratu edo garapen bidean daudenek osatutakoa.

Aberats berrien ekarpena

Eurogunean ahuldadeak hasi zirenetik, aurreko hamarkadaren bukaeran, luxuaren merkatuak lur berriak aurkitu zituen hedatzeko. Horrek azaltzen du hein handi batean merkatu horren hazkundea krisiaren testuinguruan. Nahiz eta oraindik hamar merkatu garrantzitsuenen zerrendan egon, Italiak, Frantziak eta Alemaniak nagusitasuna utzi zioten gora bidean dauden zenbait merkaturi, batez ere Txinari. Errusia, Latinoamerikako gune batzuk eta Ekialdeko beste hainbat ere —Dubai eta Doha, esate baterako— luxuaren merkatuaren jomuga dira aspaldi honetan. Hala teknologia aurreratuenak, nola moda, auto eta elikagai esklusiboenek bezero berriak aurkitu dituzte aspaldiko aberatsei eta aberats berriei esker.

Oraindik ere luxuaren merkatua gora doan arren, hazkundearen abiadura apaldu egin da 2014tik. Munduko ekonomien ezegonkortasunak konfiantza urratu du pixka bat, hain zuzen ere Errusian —Ukrainan EBrekin duen lehiarengatik—, Arabiako gune horietan —petrolioa merkatu dela eta— eta Latinoamerikakoetan ere bai; adibidez, Mexikon eta Brasilen —hazkunde apal eta aurreikuspen txarrengatik—. Baina, hala ere, %5etik gertuko hazkunde aurreikuspena egin dute aldizkari espezializatuek.

Zibilizazioaren hasieratik
Coco Chanelen azalpen azkarra osatuz, historialariek garbi erakutsi dute lehenengo zibilizazioekin batera sortu zela luxua; gutxieneko mailaketa bat erakusten duen edozein zibilizazioren ezaugarri da nabarmentzeko ahaleginak egitea. Giza jarreraren kontraesanak agerian uzten dituelako agian, teoria ekonomiko klasikoak ez du erabat argitzen zergatik izan duten arrakasta Diorrek, Maseratik edota Kobeko haragiak. Izan ere, teknikoki beharrezkoak ez diren zerbitzu eta produktuak saltzen dituzte, haien antzekoak askoz ere merkeago egonda merkatuan.
Horrek ez dio axola, ordea, Louis Vuittonen poltsa baten erosleari, Louis Vuitton nahi baitu, ez poltsa. Esklusibotasuna eta desberdintzea lortu nahi du luxuaren erosleak, etxe horiek azaltzen dutenez, eta beste merkatuetako arauetatik kanpo aritzea eskatzen du horrek. Adibidez, Christian Diorrek dio marka dela garrantzitsuena, eta hura babestea ezinbestekoa dela; horretarako, salmentetan «oreka» lortzen saiatzen dira. Salmentak handitzea nahi dute, bai, baina gutxika; «gehiegizko salmentak» ez dituzte nahi, alegia. Ferrarik 2012an jo zuen goia salmentetan, eta estrategia aldatzea erabaki zuen, «esklusibotasunaren alde». 2012an 7.318 Ferrari saldu ziren mundu osoan, eta zalditxoaren etxeak gehienezko ekoizpen-muga ezarri zuen ondorengo urteetarako: 7.000.
Estrategia horiek bat datoz azken urteetan luxuaren merkatuaren joerak finkatu dituzten erosleen jarrerekin. Kontsumitzeko beste modu bat zabaltzen ari da erosteko ahalmena dagoen eremuetan: bezeroak prest daude gutxiago erosteko, baina produktu hobeak erosteko. Produktu esklusiboak saltzen dituztenek uste dute goi mailako produktuak robatzen dituen erosleari oso zaila egiten zaiola maila apalagora jaistea berriro.
Horiek horrela, luxuzko ahalezko bezeroen bila ari dira etxeak. Belaunaldi berriak erakarri nahi dituzte, eta bezeroak egoki sailkatzea eskatzen du horrek. 1980 eta 2000 bitartean jaiotakoei millennials esaten diete. Harrobia dira Cartiere eta enparauentzat, eta atal digitalaren natibotzat jotzen dituzte. Luze gabe luxuak atal digitalera zuzenduko du bere estrategia, smartphone-en bitartez salmentak igoarazteko.
Henry-ena da (High Earners Nor Rich Yet) beste multzo garrantzitsua; soldata handia dutenak dira, eta aberats izateko bidean daudenak.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Oharra: blogeko kideek soilik argitara ditzakete iruzkinak.