2016(e)ko irailaren 12(a), astelehena

Rumspringa

Amish gazteek, nerabean, 16 urte inguruan, aukeraketa garrantzitsu bat egiteko hautabidea dute: Amishen artean jarraitu, bataiatu, ezkondu eta zuzendari duten erlijioaren esanak jarraitu, ala XXI mendera irten eta gaur eguneko gazte (eta ondoren heldu) bat bezala bizi. Horretarako, “Rumspringa” dute; hau da, ordura arte ezezaguna eta galarazita zuten mundua ezagutu, dastatu eta bizitzeko aukera paregabea.
Aukeraketak bere pisua du: mundu “modernoa” aukeratuz gero, ezingo baitute beraien komunitatera itzuli, eta haiekin kontaktua guztiz galduko dute…jatorrizko familiarik gabe geratuko dira. Gehienek, itzultzea aukeratzen dute; gutxi batzuk, XXI. Mendean geratzea. Aukeraketa gogorra dirudi; baina erabaki dezakete.
Guk ordea, gure XXI. mendean bizi gara, gure mugikor, telebista, bideojoko, ordenagailu, wifi…eta abarrekin; baina ez dugu gure “Rumspringa”; hau da, ba al dugu aukerarik beste bizimodu bat probatzeko? Epe batez mendian galduriko baserri batera joango bagina, modernitaterik gabeko bizitza sinpleago bat egitera, hainbeste auto, antena, baldintzapen eta publizitaterik gabe, nola sentituko ginateke asteak pasa ahala? Hasieran, agian, galduta edo deseroso (Amishak ere hala sentitzen omen dira bere Rumspringa-eko lehen egunetan)….baina, ondoren? Zer aukeratuko genuke?

Amishek bizitza berezia daramate, egia da; baina ez al dute, hein batean ez al dute guk baino aukeratzeko hautabide gehiago? Nor da libreago, gu ala haiek bere Rumspringa-rekin?

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Oharra: blogeko kideek soilik argitara ditzakete iruzkinak.