2021(e)ko urriaren 26(a), asteartea

JAURLARITZAK <<EZOHIKO>> BESTE INBERTSIO PLAN BAT ONARTU DU: 250 MILIOI EUROKOA



101 milioi digitalizazioa bultzatzeko dira, 41 epaitegiak berritzeko eta 26 Alokabidek etxeak eros ditzan. Aurrekontuetatik kanpo onarturiko sorta bat da.

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramailea.


Eusko Jaurlaritzak estalkia kendu dio berriz itsulapikoari, eta beste 250 milioi euro atera ditu inbertsioak egiteko. Aurrekontuetan agertzen ez zen diru sorta bat da, eta hiru arlotako azpiegituretarako erabiliko du: gizarte mailakoak —epaitegiak, etxebizitzak...—, ekonomikoak eta energetikoak. Jaurlaritzak berehalako eragina izan dezan nahi du, eta 170 milioi aurten bertan erabiliko ditu. Beste 80 milioien banaketa hiru urteko epean tartekatuko du.


Jaurlaritzak, eskuak patriketan sartu, eta diruzaintza eta erkidego autonomoetako traspasoetako geldikinak aurkitu ditu, eta sos hori gizarteratzea erabaki du. Bingen Zupiria Jaurlaritzako bozeramaileak azaldu du gobernuaren asmoa inbertsio publikoa ahalik eta gehiena handitzea dela, «baimenduriko mugak errespetatuz». Muga horiek, baina, aurreko urteetan baino lasagoak dira aurten. Jaurlaritzak BPGaren %2,2rainoko defizita adostu zuen Espainiako Gobernuarekin, eta malgutasun horrek ahalbidetu du inbertsio programa berezi berria onartzea. 

2021erako aurrekontuak egitean Jaurlaritzak 1.000 milioi euro jarri zituen inbertsioetarako, eta, orain, 250 milioi gehituko dizkio, «plan gehigarri eta ezohikoan». Besteak beste, gastatu gabeko diru sortekin eta aurreikuspenen gainetik bildutakoarekin hornitu dute funtsa. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ogasunek espero baino 537 milioi euro gehiago bildu zituzten iaz, eta 375 milioi Jaurlaritzarentzat izan dira.

Hiztegia:  

BPG ( Barne Produktu Gordina ) :herrialde baten jarduera ekonomikoa neurtzeko zuzeneko informazioa ematen duen magnitudea da. 

Martin Legorburu 

 

                                                                                                           https://www.berria.eus/albisteak/203842/jaurlaritzak-ezohiko-beste-inbertsio-plan-bat-onartu-du-250-milioi-eurokoa.htm






iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Oharra: blogeko kideek soilik argitara ditzakete iruzkinak.