Gipuzkoako dendariek diote %30-40ko galerak izan dituztela
Gipuzkoako merkatariek %30-40 inguruko galketekin bukatu dute 2020a. Nabarmendu dute Eguberri eta Erregeen bezperetan saltokien ordutegiak murriztu izanak eragin diela. Hasi berri den urte honetarako aurreikuspenak ere ez dira onak. «Sektorea birmoldatzeko edo berrantolatzeko urtea izango da» dio Julen Maiz Gipuzkoako Merkataritza Federazioko presidenteak.
Sektoreen eta azpisektoreen arabera, galerak handiagoak izan daitezke, eta gehien kaltetutakoen artean, bidaia agentziak eta kultur ekitaldiak egiten dituzten enpresak aipatu ditu. Gaur hasi den merkealdiari dagokionez, esan du horrek ere ez duela askorako balio izango, galdu egin delako, azken urteetako liberalizazioak urteko edozein unetan beherapenak egitea baimentzen baitu. «Logikoa denez, salmentarako garai erakargarria izan dadin, berriro arautu beharko litzateke» esan du.
2021ari buruz, Maizek urte «oso gogorra» iragarri du, eta Internet bidezko salmenta kaleko dendarien artean izaten ari den eragina nabarmendu du. «Negozio aukerak ondo aztertu beharko dira online salmentaren agerpenera egokitzeko, hori puntu fisikoko salmentaren kalterako baita. Zein hiri eta herrialde eredu nahi dugun galdetu beharko genioke geure buruari».
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina
Oharra: blogeko kideek soilik argitara ditzakete iruzkinak.